Abian, janaria alferrik galtzearen aurka.

Elikadura-xahuketaren Aurkako I. Astea Nafarroan, ingurumenean larriki eragiten duen gai bati buruz herritarrak sentsibilizatzeko eragile.

Zifrak kezkagarriak dira, eta, ildo horretatik, ohitura erraz batzuk barneratu behar ditugu kostuak aurrezteko, baliabideen xahuketa saihesteko eta elikagaiak munduko herritarren artean hobeki banatzeko. Neurri handi batean gure esku dauden hainbat soluzio dira, ekonomia, ingurumen eta gizartearen arlokoak.

Elikadura-xahuketaren Aurkako I. Astea Nafarroan aukera aparta izan zen ezagutarazteko zer garrantzitsua den ohiturak eta jokabideak zuzentzea etxean elikadura-xahuketa prebenitzeko; izan ere, etxeetan izaten da elikadura-xahuketa osoaren %42. Hori dela eta, etxeak izan ziren aipatutako astearen hasieran abiatutako komunikazio-kanpainaren jomuga, ondoko lelopean: Ez bota hondakina, atera etekina.

Elikadura-xahuketaren Aurkako nazio-mailako II. Astearekin batera –AECOCek sustatuta– ospatu nahi izan zen Nafarroakoa, eta hondakinak prebenitzeko lan-mahaiak pentsatutako ekintzen barruan kokatu zen. Elikadura-kate osoaren hainbat eragilek osatzen dute mahaia, eta Hondakinen prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra sustatzeko Bulegoa (OPREC) da haren buru, 2017-2027 Nafarroako Hondakin Planaren ekintzen barruan. Gogoratu behar da, bestetik, Nafarroan ekonomia zirkularra garatzeko 2030 Agendaren –arestian onetsi du Nafarroako Gobernuak– testuinguruaren barruan dauden lehentasuneko bost arloetako bat dela elikadura-xahuketa.

Irailaren 21etik 27ra egin zen elikadura-xahuketaren aurkako astea, eta hainbat ekintza antolatu ziren Nafarroako geografian zehar; horrekin batera, kontsumitzaileentzako komunikazio-kanpaina bat egin zen xahuketa ohiturekin lotzeko, ondoko lelopean: Zaborra ala jana? Zeurea erabakia.

Kanpainak bost oinarrizko aholku proposatzen ditu elikagaien erosketa eta kontsumoa optimizatzeko:

  • Asteko menuak planifikatzea,
  • arduraz erostea,
  • sasoiko produktuak erostea,
  • elikagaiak behar bezala kontserbatzea,
  • hondakinak sormenez aprobetxatzea.

Sukaldeko hainbat trikimailu errazi esker, elikagaiak hobeki kontserbatuko ditugu, eta, ondorioz, ez ditugu zaborrontzira bota beharko. Horrez gain, sen onak elikagaiak ez xahutzen lagunduko digu, gure ekonomia eta gure planeta zaintzeari begira.

Hainbat zifra
– 1.300 milioi tona elikagai xahutzen dira munduan, eta haietako 88 milioi tona (ekoiztutako elikagaien %20) Europar Batasunetik datoz. Estatu-mailan, 7,7 milioi xahutzen direla urtean kalkulatzen da.

– Eta, Nafarroan, urtean, 115.000 tona elikagai baino gehiago xahutzen direla. %42 etxeetan xahutzen da, hau da, 75 kilogramo elikagai xahutzen ditugu, urtean, pertsona bakoitzeko.

Elikadura-xahuketaren ondorioak

  1. Ekonomikoak
    EBk kalkulatzen du 143.000 milioi euroko gastua (2012ko datua) dakartela elikagai-hondakinek. Bi heren etxeko elikagai-hondakinei dagozkie.
  2. Ingurumenekoak
    Elikagaiak xahutzeak baliabideak, urriak, alferrik galtzea dakar.

    • lurra: planetako nekazaritza-azaleraren %28 gero erabiltzen ez diren elikagaietara bideratzen da.
    • ura: 1 kilogramo elikagai sortzeko, 1,5 litro ur behar da, gutxi gorabehera.
    • energia: lortutako kilogramo elikagai bakoitzeko, 4’5 kg karbono (CO2) igortzen dira atmosferara
  3. Soziala

FAOren arabera, 793 milioi pertsonak pairatzen dute desnutrizioa mundu osoan. Europako Estatistika Bulegoak ohartarazi du Europako biztanleen %9’6k ezin duela kalitateko janaririk erosi bi egunean behin. Guk, aldiz, 75 kilo elikagai botatzen ditugu zaborrontzira urtean.