Ateak zabaltzen dituzten mugapenak

Emaitza onak lortzen dituzte hondar-frakzioaren edukiontzian hondakin okerrak botatzeko mugapenak jartzen dituzten ekimenek

Hondar-frakzioaren edukiontzian hondakinen zati txiki-txiki bat baino ez dugu bota behar; orduan, zertarako behar du hain aho zabala?

Nafarroan, 1,19 kilogramo hondakin sortzen ditugu eguneko bakoitzak, batez beste, hau da, 436 kilogramo urtean, Nafarroako Gobernuak zabaldutako 2018ko datuen arabera. Haietatik, %58 hondar-frakzioaren edukiontzian jaso zen, hots, 253 kilo hondakin pertsona bakoitzeko, eta haietako 210 kilok zabortegian amaitzen dute bidaia; horixe da planetan uzten ari garen arrasto ezabaezina.

Izan ere, “denetarik” botatzeko edukiontzia bilakatzen ari da hondar-frakzioarena, neurri handi batean. Hartara, hondar-frakzioaren edukiontzian botatako %85 hondakin okerrak dira; hondakin balioztagarriak dira, beraz, zabortegira botatako baliabideak. %50 materia organikoa da, eta gainerako %35, ontziak (metala, brika, plastikoa edo beira), papera eta kartoia, egurra, AEEH, oihalak eta abar. Hondakin horiek botatzeko edukiontzi eta gune espezifikoak daude, eta baliabide bilakatuko dituzte haietan.

Hondakin bakoitza dagokion edukiontzian eta/edo guneetan botako bagenu, %9 baino ez litzateke izango hondar-frakzioa. Informazio hori eskuan, ulergarria da zergatik txikitzen ari den hondar-frakzioaren edukiontziaren ahoaren tamaina; izan ere, “birziklatuko ez diren” hondakinen edukiontziaren ahoak gehiago har dezake beste edukiontzienak baino.

Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legeak kanon bat onetsi zuen zabortegian amaitzen diren hondakinak zergapetzeko; helburua hondakinak zabortegira eramatea saihestea eta 2017-2027 Nafarroako Hondakinen Plana betetzea da (zabortegian eliminatutako hondakinak erdira murriztea eta hondakin berreskuragarri bat ere ez zabortegira ez iristea lortu nahi du planak).

Helburu hori tarteko, Nafarroako hainbat mankomunitate formula desberdinak probatzen ari dira hondakinak toki desegokietan ez botatzeko, eta modurik onena hondar-frakzioaren edukiontzirako sarbidea zailtzea da.

Bortzirietako Hondakin Mankomunitatea aitzindaria izan zen neurri zuzentzaileak ezartzen; izan ere, aho txikiagoko estalki bat jarri zuen 2016. urtean Etxalarren, Igantzin eta Arantzan (gainerako herrietan jartzeko asmoa zuen).

Lortutako emaitzak ikusita, neurri berdina ezartzea erabaki dute beste entitate batzuek, hala nola Izarbeibarko Mankomunitateak, 2019ko otsailean; estalkiak aldatzeaz gain, informazio-kanpaina bat ere egin zen kalean bertan, hondakinak modu egokian banatzeari begira. 2019ko hasierako sei hilabeteetako emaitzak positiboak izan dira: %40 materia organiko gehiago eta %22 ontzi gehiago jaso dira, eta %16 hondar-frakzio gutxiago, ordea.

Ildo horretatik, azpimarratu behar da Bortzirietako eta Izarbeibarko mankomunitateek, zehazki, lortu dituztela emaitzarik onenak hondakinen balorizazioan, 2018an, gaikako bilketako sistema dutenen artean: %62 eta %59, hurrenez hurren; gero, Sakanakoa dator (%63), atez ateko sistemarekin.

Iruñeko Mankomunitateak, bestetik, proba pilotu bat egin du Azpilagañan eta Artika Berrian, materia organiko gehiago jaso ahal izateko beste hondakinekin nahastu gabe; proba horrek eragina izan du hondar-frakzioaren edukiontzian. Izan ere, kolore griseko estalkia eta identifikazioa ditu orain, eta helbide bakoitzera lotutako txartel elektroniko bidez baino ezin da ireki, materia organikoarena bezala.

Malerrekako, Jurramendiko edo Erribera Garaiko mankomunitateak bilketa-sistema hondar-frakzioaren edukiontzien diseinu berrira egokitzeko formulak aztertzen ari dira…

Bidea zailagoa da bereizten ez duenarentzat, eta errazagoa, ingurumena zaintzen duenarentzat.