MTBk bat egin du hondakinik gabeko ekitaldiekin
Arguedasen egindako Espainiako MTB XCO Txapelketan markatzeko zinta konpostagarria erabiltzea, ekimen berria ekitaldi jasangarriagoen alde
Ez dira gutxi ibilbidea markatzeko zintak behar dituzten kirol-ekitaldiak. Erabilitako zintak biodegradagarriak badira, ingurumenean egindako inpaktua murriztu eta bat egingo dute naturaz gozatzeak eta kirola egiteak.
Markatzeko zinta horien funtzionamendua in situ egiaztatzeko proba pilotua Espainiako MTB XCO, Team Relay eta Sprint Eliminator 2019 Txapelketa izan berri da, Arguedasen, uztailaren 19tik 21era. 800 pertsonak, gutxi gorabehera, hartu dute parte txapelketako kategoria desberdinetan.
1.600 metro zinta biodegradagarri erabili dira probaren behin betiko ibilbidea markatzeko. Arto-almidoiz egina dago zinta, eta %100 konpostagarria da, EB13432 europar araudiarekin bat. 6 hilabete nahikoa dira material hori guztiz degradatzeko.
Ekimena Prebentzio Bulegoarena izan zen. Izan ere, kirol-ekitaldietan jasangarritasunaren aldeko hainbat neurri aztertzea proposatu zien erakunde antolatzaileei –BTT Navarra kluba eta Nafarroako Ziklismo Federazioa–, Ekitaldi eta Hondakinei buruzko Erregelamendua prestatu ahal izateko, ekainaren 18ko Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legearekin bat. Bere garian, BTT Ibaigorri (Lerin) probaren eta Euskal Herriko Mendi Erronkaren (Leitza) erakunde antolatzaileek ere bat egin zuten proposamenarekin, eta, udaren amaieran, P2P Zubiri-Iruña-Gares P2P Nazioarteko Irristaketa Maratoiak eta Europako Abiadurako Irristaketa Txapelketak (Iruña) ere bat egingo dute.


Arguedasen ezarritako neurriak erabilera bakarreko plastikozko zintekiko alternatibak bilatu nahi zituen. Eta horixe izan zen, hain zuzen, nafar klub eta federazioek kirol-ekitaldietan hondakinak prebenitzeari buruz NKGIko eta Prebentzio Bulegoko ordezkariekin, otsailean, egindako bileran nabarmendu zituzten gaietako bat. Ideiak bat egiten du 2019/904 (EB) zuzentarauarekin, zeinak produktu berrerabilgarri, jasangarri eta ez-toxikoak sustatzen baititu hondakin plastikoen ingurumen-inpaktua murrizte aldera.
Zinta horiek erabiltzeaz gain, jasangarritasunaren aldeko bestelako neurriak ere ezarri zituen antolakuntza-batzordeak, hala nola Ur Taberna bat instalatzea; parte-hartzaile guztiek erabil zezaketen, eta helburua txorrotako ura kontsumitzea eta erabilitako ontzi-kopurua murriztea zen.
Ekitaldi jasangarriagoak egitearen aldeko beste neurrietako bat da, beraz, mota horretako zintak erabiltzea, eta guzti-guztiek tokia izango dute Prebentzio Bulegoa prestatzen ari den Ekitaldi eta Hondakinei buruzko Erregelamendu berrian. Hona hemen neurri horietako batzuk: edalontzi eta baxera berrerabilgarriak zein ontzi konpostagarriak erabiltzea eta hornidura-guneetan elikagai solteak izatea.