Ehunaren bilketak gora egin du
Edukiontzi espezifikoen kopurua handitzearen zuzeneko ondorioa 2018an ehunaren bilketa % 23 igotzea izan da
Lasaitasuna ematen du pentsatzeak 2018an 2.000 tona arropa, ehun eta oinetako Nafarroako Emauseko Trapuketarien berrerabilpenerako prestaketa-zentrora eraman ahal izan zirela; bertan hautaketa-, berrerabilpen- eta birziklatze-prozesu bati ekin, eta % 75 berreskuratzea lortzen da. Hala ere, beste frakzio batzuetan ehunak duen presentzia oso altua da oraindik ere, 11.000 tona inguru, beste biltzeko kanaletara desbideratutako kopurua ez aipatzearren (Caritas, GKEak, arropa dendetako bilketak eta abar). Horrek guztiak bizi garen kontsumo-gizartearen inguruan hausnartzera bultzatzen gaitu…
Ehun-hondakinen bilketaren gorakadaren arrazoia, besteak beste, Iruñerriko Mankomunitatean 95 edukiontzi berri jartzea izan da. Horrela, Nafarroako Foru Komunitatean dauden arropa- eta zapata- edukiontzien kopurua bikoiztu egin da eta 200 baino gehiago izatera heldu dira. Iruñerriko Mankomunitateak, pixkanaka, beste 100 edukiontzi jarriko ditu urte honetako amaieratik aurrera.
Izan ere, bildutako ehunaren % 65 kalean bertan dauden edukiontzi espezifikoen bidez lortzen da (herritarrentzako erosoak dira hondakinak edukiontzian zuzenean sartu ditzaketelako); % 18 garbigune eta garbigune mugikorren bidez biltzen da; eta % 17 toki batzuetako etxe eta atarietan egiten den atez ateko bilketaren bidez lortzen da.
Nabarmendu behar da gehien biltzen den aldiak urtaro aldaketak izaten direla, ekaina eta urria, hau da, normalean uda eta udazkeneko armairu-aldaketak egiten direnean.
Iruñerriko Mankomunitateko ehun-bilketak 350 tonako hazkundea izan du edukiontziak jarri ostean, % 43 2017arekin alderatuta. Hazkunde horrek garbiguneetan bildutako hondakinen (95 tona) eta atez ate bildutakoen (25 tona) jaitsiera eragin du, baina emaitza orokorra oso positiboa da.
Ehunaren helmuga Saratsako Emauseko Trapuketarien berrerabilpen eta birziklatzerako prestaketa-zentroa da, eta baita Nafarroako hainbat tokitako zenbait salmenta-puntu ere. Gainera, 2018an, Emauseko Trapuketariek beste instalazio bat inauguratu zuten, Berriozarren, 20.000 m2 dituena. Bertan, ehun-materialak tratatzeko linea bat eta jendearentzako azoka bat daude, hezkuntza/sentsibilizazio eta berrerabilpenerako prestatzeko beste instalazio batzuez gain.