ETXEETAKO ETA MERKATARITZAKO HONDAKINAK

Materia organikoa: erronkarik pertsonalena

Hamarkada bat joan da ia aurreko 2010-2020 PIGRNak Mankomunitateei 2020an sortutako biohondakinen % 50 hartzea erdiesteko bilketa-proposamena egiteko eskatu zienetik. Aldi horretan, frakzio horren bilketa gauzatu ez ezik, 2017-2029 PRN berria onetsi da; asmo handiagoko bilketa-helburuak gehitu ditu eta Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legearekin indarra hartu du, helburuak lortzeko bide gisa. Beraz, organikoaren bilketa Nafarroako biztanleriaren % 75 eta % 100era zabaldu beharko da 2020 eta 2022an, hurrenez hurren, eta bildutako hondakinen % 50 eta % 70 erdietsi beharko du 2020 eta 2027an, hurrenez hurren, kalitate minimo batzuekin.

Aldi horretan, mankomunitateek esfortzu handia egin dute proiektua aurrera eramateko eta gaur egun oraindik ere erronka handia da. Ez dugu ahaztu behar organikoa etxeetako hondakin guztien frakzio handiena dela, % 42 inguru. Hala, haren bilketa eta birziklapenari esker, berrerabiltzerako eta birziklatzerako prestatzeko tasak handitu daitezke.

Gaikako bilketaren ezarpenaren garapena

2013an, aurretik etxeko eta komunitate mailako konpostajean esperientziak izan baziren ere, materia organikoaren gaikako bilketa hasi zen Sakanako, Erribera Garaiko eta Iruñerriko mankomunitateetan, bi sistemaren bidez: edukiontzietan edo atez ate.

Pixkanaka, organikoaren bilketa beste mankomunitate batzuetan egiten hasi da, hala nola Izarbeibarko, Mairagako, Bortzirietako, Erriberako, Malerrekako mankomunitateetan eta Baztango Udalean; lehenik eta behin, hondakin gehien sortzen dituztenetan, hots, merkataritza-establezimenduetan jarri da arreta. Bilketa jadanik zerbitzu hori zuten mankomunitateetako beste zona batzuetara zabaldu da, Iruñerriko auzo gehiagotara edo Sakanako herri gehiagotara, adibidez. Beste mankomunitate batzuek (Mendialdea, Malerreka, Irati, Bidausi, Ezka-Zaraitzu eta Baztango Udala) autokonpostajearen aldeko hautua egin dute dauzkaten orografia-, hirigintza- eta biztanleria-ezaugarriak direla eta.
Gaur egun, 10 mankomunitatek ezarri dute materia organikoaren gaikako bilketa: zazpik etxeetan eta beste hirurek saltoki eta zerbitzuetan. Gainerako mankomunitateek materia organikoaren bilketa etxeko eta komunitate mailako konpostajearen bidez zabaltzea erabaki dute.

Guztira, herritarren % 82k materia organikoaren gaikako bilketako sistemaren bat erabil dezakete egun, hainbat modutan: edukiontzia, atez ate edo autokonpostajea; horrela, 2020rako ezarritako % 75eko helburua gainditu da.
Hala ere, asko dago oraindik egiteke azken helburua lortzeko, hau da, 2020. urtearen amaieran etxeko hondakinetan dauden biohondakinen % 50 biltzeko. 2018an, materia organikoaren bilketak % 30 erdietsi zuen; 118.457 tona biohondakinetatik 39.340 tona bildu ziren.

Oraindik egiteke dagoen beste kontu bat bildutako materia organikoaren kalitatea hobetzea da; hobetu behar da, ez legeak ezarritako helburuak lortzeko bakarrik, baizik eta birziklapena errazteko eta kalitatezko konposta lortzeko.