Hazkunde ekonomikoa zirkularra da

Nafarroa ekonomia zirkularraren aldeko politikak sustatzeko proiektu europar baten buru da, Europar Batasuneko beste sei eskualderekin batera

Bizi-zikloaren metodologien erabilera oso hedatuta dago enpresa-sektorean. Orain, jardunbide horiek Europar Batasuneko ingurumen-politiken diseinuan ere gehituko dira.

Hau Nafarroa buru den eta Europako beste 6 eskualdek ere parte hartzen duten ekonomia zirkularreko proiektu baten edukia da. Helburuak baliabideen erabileraren eraginkortasuna handitzea, hazkunde berdea eta teknologia-berrikuntza dira.

Proiektua, Interreg Europe Programaren 2018ko 4. deialdiaren barruan kokatuta dagoena, 2019ko abuztuan hasi berri da eta LCA4Regions izena du (Ingurumenaren eta baliabideen eraginkortasunaren hobekuntza bizi-zikloaren tresnaren bidez Europar Batasuneko eskualde-politikak abian jartzeko). 1.719.759 euroko aurrekontua du eta datorren lau urteetan zehar garatuko da (2019-2022).

Nafarroako proiektu-kideak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentua eta Nafarroako Industria Elkartea (AIN) dira. Biek 421.890,00 €-ko aurrekontua aurreikusi dute eta % 81eko batez besteko finantzazioa. Departamentuak Interreg Europe-k onetsitako 258.525 euroko aurrekontua du; horietatik, 219.746 euroko Europako finantzazioa jasoko du, % 85.

LCA4Regions-ek Europa osoko ezagutza eta esperientziak konektatzen ditu, eta hauek hartzen ditu baitan: 4 eskualdetako gobernu, zehazki Nafarroako Gobernua, Lombardiako eskualdea (Italia), Lodzkie eskualdea (Polonia) eta Baixo Alentejo (Portugal); 3 zentro teknologiko eta unibertsitate, zehazki Kaunas-eko Unibertsitate Teknologikoa (Lituania), Kimikako Institutu Nazionala (Eslovenia) eta Pyhäjärvi Institutua (Finlandia); eta industria-elkarte bat, hots, AIN (Nafarroako Industria Elkartea). ACR +, Hiri eta Eskualdeen Elkartea Baliabideen Kudeaketa Jasangarrirako (Belgika) kide-aholkulari moduan aritzen da.

48 hilabetetan zehar, guztiek elkarlanean lan egingo dute bizi-zikloaren analisia (ACV) deituriko metodologiaren erabilera hedatzeko ikuspegi global gisa, ingurumenarekin eta baliabideen erabileraren eraginkortasunarekin lotuta dauden politika publikoak sortu eta abian jarrita.

Esperientziak partekatu ahal izateko, zazpi ikaskuntza-jardunaldi transnazional antolatuko dira, zeinetan ikerketa-kasuak aztertuko diren eta jokabide egokiak bilduko diren. Jardunaldietan gai hauek jorratuko dira:

  • ACV ingurumen-politiketan eta baliabideen eraginkortasuneko politiketan abian jartzea, teoriatik praktikara
  • ACV baliabideen eraginkortasunerako
  • ACV hondakinen eta materialen isurietan
  • ACV erosketa publikoan
  • Formakuntza eta gaitasunen garapena ACVn
  • ACV monitoretzan eta ebaluazioan

Jardunaldi horietako lehenengoa 2020ko urtarrilean egingo da, Lituanian. Nafarroak hurrengo jardunaldian hartuko du patzuergoa, hots, 2020ko apirilean, eta, urte horretako urrian, Finlandian egingo da beste bat. 2021ean Eslovenia, Polonia eta Lombardiako jardunaldiak egingo dira, eta, 2022ko apirilean, amaituko dira, Portugalen.

Datozen hilabeteetan, eskualde bakoitzak bere eskualde-analisi propioa egingo du eta bere lurraldean ekitaldiak antolatuko ditu eskualde mailan informatzeko eta proiektuaren gaian interesatuta dauden eragileak biltzeko, zeinek tailerretan parte hartuko duten esperientzia eta jakintzak partekatzeko, horrela ekintza-planak definitu ahal izateko.

Nafarroari dagokionez, sei hilabetean behin bilerak egingo dira ACV metodologietan interesa duten eragile taldeekin, uneko egoeraren eta geroko ekintza-planaren eskualde-analisia egin ahal izateko. Gaian interesa dutenak baina bilera horietara joan ezin dutenak proiektuaren arduradunekin harremanetan jar daitezke helbide honetan: info@lca4regions.eu.

Lehenengo jardunaldia 2019ko urriaren 17an, 11:00etan, izango da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan. Izen-emateak hemen egin daitezke.

Proiektuaren lehenengo fasean, “eskualde arteko ikaskuntza” ekintzak egingo dira; horietan, eskualdeetako kide eta eragile interesatuek esperientziak trukatu eta jokabide egokiak identifikatuko dituzte, gero 7 ekintza-plan egiteko erabili ahal izango direnak (eskualde bakoitzeko bana). Bigarren fasea, “Ekintza-planen abiaraztearen kontrola”, ekintza-plan horiek abian jartzean zentratuko da, kide diren eskualdeetan politika tresnak hobetzeko helburuarekin.

LCA4Regions proiektua bere web-orrian eta Twitterren jarrai daiteke