Ingurumenean arrastorik uzten ez duten patinak
Iruñeko Europako Abiadura Irristaketa Txapelketa eta P2P Zubiri-Iruña-Gares Skate Race, eredu ekitaldi jasangarrien antolaketan maila internazionalean.
Kirol-ekitaldiek eta ingurumenak elkarrekin jarraitzen dute lehen mailako eta nazioarteko proiekzioko bi proba hauen esperientzia arrakastatsuen ostean: Europako Abiadura Irristaketa Txapelketa eta P2P maratoi internazionala, Nafarroako Irristaketa Federazioak eta Berriro Ere taldeak sustatuta, hurrenez hurren. Mundu mailan ekimen aitzindaria da; izan ere, kirol honen historian lehenengo aldia da zeharkako ingurumen-irizpideak gehitzen direla mota horretako txapelketetan.
Antolakuntzaren borondatea eta parte-hartzaileen inplikazioa oinarrizko osagaiak dira kirol-ekitaldi handiak modu jasangarrian egitea lortzeko; izan ere, ingurumena zaintzea da beren helburuetako beste bat.
Uda honetan, irristaketaren munduak nazioarteko lehen mailako kirol-ekitaldiak antolatu behar izan ditu. Abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran, Iruñean Europako Abiadura Irristaketako Txapelketa egin zen, hiru lekutan: Txantrean, Antoniuttin eta Sarasate pasealekuan. Guztira 21.000 ikusle eta 17 herrialdetako 272 kirolari egon ziren eta oso emaitza esanguratsuak lortu ziren hondakin gutxiago sortzeari begira. Era berean, P2P Skate Race lasterketan neurri jasangarriak txertatu ziren, eta, haiei esker, hondakinak gutxitu eta egindako ekintzen hedapena lortu zen. Pentsa dezagun, bestela, Europa, Asia, Ozeania eta Amerikako 18 herrialdetako 520 patinatzailek parte hartu zuten kirol-probak sare sozialetan daukan oihartzunean.
Bi ekitaldietan ingurumen-ekintzak abiarazteko, Nafarroako Federazioak eta Berriro Erek elkarrekin lan egin zuten bi ekitaldien arteko sinergiak bilatutzeko eta Europako Txapelketarako eta P2Prako jasangarritasun-planak definitzeko. Hainbat ekintza planifikatu ziren, hala nola hondakinak prebenitzea eta gutxitzea, materialak berrerabiltzea, formakuntza, sentsibilizazioa eta mugikortasun jasangarriaren hedapena eta sustapena.
Modu horretan, Nafarroako irristaketa ingurumen-irizpideak dituzten lehen mailako kirol-ekitaldien antolaketan jarraitu beharreko eredu bihurtu da.
Europako txapelketa historikoa
Europako Abiadura Irristaketa Txapelketan hartutako neurri jasangarri nagusiak hondakinak gutxitzera bideratuta egon ziren, eta horretarako, beste ekintza batzuen artean, baxera eta edalontzi berrerabilgarriak erabili ziren eta Uraren Tabernak jarri ziren. Horrela, kirolari bakoitzari beirazko botila berrerabilgarri bat eman zitzaion egunero erabiltzeko eta ikusleen artean edalontzi berrerabilgarriak banatu ziren, Iruñeko Mankomunitateko sareko ura probestuz Uraren Tabernak erabili ahal izateko. Neurri horrekin plastikozko 30.000 botila erabiltzea saihestu zen.
Hartutako beste neurri bat gaikako bilketarako edukiontziak jartzea izan zen, Mankomunitateak eta Hondakinen Patzuergoak eman zituztenak; pertsona asko biltzen zen leku estrategikoetan eta herrialde parte-hartzaile bakoitzaren boxetan kokatu zituzten. Lortutako bereizketa indizea % 90 izan zen eta 340 kg hondakin bildu ziren.
Hain zuzen ere, gaikako bilketa gainbegiratzea Eko-boluntarioen lanetako bat izan zen: 10 eta 15 urte bitarteko patinatzaileak ziren, jasangarritasunaren gaineko kontzientzia zutenak Prebentziorako Bulegoak emandako formakuntza bati esker. 30 pertsona baino gehiago aritu ziren ingurumen-boluntario moduan eta kirolari eta ikusleei txapelketan zehar ezarritako jasangarritasun-neurrien berri eman zieten; esperientzia aitzindaria izan da mundu mailan.
Txapelketan hartutako ingurumen-neurrien hedapena esperientziaren helburuetako bat izan zen, bai ekitaldia egin bitartean bai ondoren. Zentzu horretan, mota horretako ekitaldi baten oihartzuna esanguratsua izan da; txapelketako 8 egunetan zehar 150.000 konexio erregistratu ziren lehiaketak streaming bidez jarraitzeko eta 4.700 jarraitzaile lortu zituen sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram eta Whatsapp).
Neurri jasangarrien alde egindako lanari esker bertaratutakoen mugikortasunarekin lotutako emaitza handiak lortu ziren. Horrela, frogatu ahal izan zen ikusleen 4tik 3 garraiobide jasangarri batean etorri zela txapelketara: % 40 oinez, % 25 garraiobide publikoan eta % 10 bizikletaz (gainerako % 25 errekuntza-ibilgailuan joan zen, auto bakoitzeko 3 pertsonarekin, batez beste).
P2P, ingurumenarekiko kontzientzia duen maratoia
Nafarroako irristaketaren bigarren hitzordu handia irailaren erdialdean izan zen, Iruña-Gares klasikoan, zeinak aurten beste egun bat izan zuen, Zubiritik Iruñera. Horrela proba bi etapatan egin zen, irailaren 14 eta 15ean.
Talde antolatzaileak, Berriro Ere Irristaketa Taldeak, Izarbeibarko eta Iruñerriko mankomunitateekin eta Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin eta Hondakinen Prebentziorako Bulegoarekin batera lan egin zuen kirol-txapelketa hori ekitaldi eko-jasangarri bihurtzeko. Horretarako, hondakinen prebentziorako hainbat neurri hartu ziren eta mugikortasun jasangarria sustatu zen; Iruñetik Zubirira joateko eta Garesetik Iruñera itzultzeko anezka-autobusak jarri ziren, parte-hartzaileak irteerako eta helmugako eremuetara autoz joatea saihesteko.
Ekintza esanguratsuak abiarazi ziren bi egunetan, hala nola jende gehien zebilen bi egoitzetan Uraren Tabernak jartzea eta edalontzi, bandeja eta plater berrerabilgarriak erabiltzea. Horiek bertaratutako ikusleentzat zein P2P Skate Race abiadura proban parte hartu zuten boluntario eta patinatzaileentzat edo beste irristaketa modalitateetako emanaldietan (artistikoa, freestyle, hockey eta abar) parte hartu zutenentzat izan ziren. Uraren Tabernek ontzi handiak zituzten helmugan edari isotonikoak soltean eskaintzeko. Beste alde batetik, lasterketako hornidura-guneetan botilatxoak biltzeko puntuak jarri ziren, “Aquí separa sin parar” eslogana zutenak.
Gaikako bilketa hori, eta baita jende gehien zegoen tokietan jarritako edukiontzien bilketa egitea ere, 200 eko-boluntario baino gehiagoren lanetako bat izan zen; gaikako bilketako puntu guztiak gainbegiratzeaz eta bertaratutako ikusleak informatzeaz eta sentsibilizatzeaz ere arduratu ziren.
Egun bakoitzean 3.000 pertsona baino gehiago bildu zituen ekitaldian lortutako datuetako batzuek argi uzten dute oso garrantzitsua dela mota horretako neurriak hartzea. 100 kg hondakin bereiztu izana, erabilera bakarreko plastikozko 10.000 botila saihestu izana eta garraio komunitarioa erabili izanak ekarritako ingurumenarekiko onura horren adibide dira. Jendetsua ez ezik, jasangarria ere izan da kirol-proba, beraz, eta horrek erabat ase gaitu. Ekitaldi honek etorkizun oparoa du, zalantzarik gabe.