Barra-kodean idatzitako xede bat
NUPeko ingeniaritzako ikasle-talde batek lortu du Ecoembes-ko TheCircularLab saria, produktu bakoitzaren birziklapena errazten duen proiektu bati esker.
Ideia fresko eta berritzaileak, ekimen handiko pertsona prestatuek garatuak. Horixe bilatzen du Ecoembes-ek TheCircularLab sarietan. NUPeko ikasle-talde batek asmatu du proiektu burutsuena.
Produktuen barra-kodea aldatzeko proiektu bat garatu dute; kolore desberdinak jarri, eta, haiei esker, ontzi bakoitza zer edukiontzitan utzi behar den jakin daiteke, birziklapen onenari begira. Teknologia Industrialetako Ingeniaritza Graduko Nazioarteko Programaren bigarren mailako ikasle hauek osatzen zuten taldea: Alberto Madurga Pastor, Jessica Goñi Moneo, Manuel Lorrio Muñoz eta Alberto Arguiñano Ongay.
Izan ere, talde horren proiektuak Circular University Challenge saria irabazi zuen. Ecoembes-ko TheCircularLab berrikuntzako zentroak sustatutako ekimen bat da saria, unibertsitateko ikasleen artean ekonomia zirkularraren garapenarekin lotutako erronkak sustatze aldera. Lehen sariak 4.000 euro eman zituen, dirutan.
Ecoembes-ko TheCircularLab zentroak sustatutako sarien laugarren edizio horrek hamaika unibertsitatetako edozein titulaziotako ekimen handiko ikasleak zituen xede. Parte-hartzaileek berrikuntzako tresnen inguruko prestakuntza jaso eta diziplina anitzeko taldeei buruzko gaitasunak garatu dituzte, erronka bikoitz honi aurre egiteko: herritarrek gehiago eta hobekiago birziklatzea lortzea eta ontzien diseinua berritzea, jasangarriagoak izan daitezen (birziklatutako materialak izango dituzte, hobekiago birziklatzeari begira).