TEEHak edo erosotasunaren bidesaria
Erraz erortzen gara oraindik funtzionatzen duten etxetresna txikiak ezaugarri hobeak dituzten berriengatik aldatzeko eskaintza tentagarrietan. Are gehiago: tresna zaharrak ez dagokien lekuan uztekoan ere. Gure erosotasuna jartzen dugu guztiaren gainetik, baina ordaindu beharreko bidesarian pentsatzen al dugu?
Etxetresna txikiak gutxi probestu eta edonon uztea, azkenean, ingurumen-arazo handi bat izatera heltzen da. Datuek hori adierazten dute. Nafarroan, 2018an, 3.549 tona TEEH sortu ziren guztira (aurreko urtean baino % 8 gehiago); horrek esan nahi du pertsona bakoitzak mota horretako 5,52 kilo sortzen dituela urtero. Halaber, hondakin gehienak (% 94) etxean sortzen dira. Mundu mailan, TEEHak dira gehien hazi diren hondakin mota, eta laster 50 milioi tona urteko izatera heltzea aurreikusten da.
Kontuan hartzen badugu tresna horiek, metal eta plastikoaz gain, substantzia arriskutsu eta toxikoak ere badituztela (denborarekin lurrean sartu edo atmosferara igor daitezke), bilketa-sistema egoki bat izatearen garrantziaz jabetuko gara, osagaiak birziklatzeko eta giza eta naturaren osasuna babesteko aukera emango duena.
Zure tresna zaharrek bizialdi luzea dute oraindik; ez bota, ez abandonatu
Hondakin horien erabilera eta kudeaketa egokia sustatzeko asmoz, Prebentziorako Bulegoak TEEHak (Tresna Elektriko eta Elektrikoen Hondakinak) biltzeko kanpaina atera zuen “Zure trena elektrikoek bizialdi luzea dute; ez bota, ez abandonatu” lelopean.

Kanpainak “Black Friday”-arekin bat egin zuen eta tresna mota horien internet bidezko erosketan jarri zuen arreta batez ere. Izan ere, garai horietan gehien erosten duen EBko herrialdea gara: Black Friday (azaroak 29) eta Cyber Monday (abenduak 2). Internet bidez gehien erosten dutenak ere bagara, eta horrek tresna zaharraren entrega zailtzen du, normalean denda fisikoetan biltzen delako.
Kanpainan, tresnen bizi-zikloa ahali eta gehiena luzatzearen onurak nabarmendu dira, eta “TEEHak berrerabili, birziklatu eta haien bizialdia luzatu” izan da emandako gomendioa. Bizialdi erabilgarria amaitzen denean, tresna elektriko eta elektronikoak biltzeko kanal egokiak beti erabiltzea gomendatzen da, hau da, ezarritako bilketa-guneetan, edo atez ateko bilketa-zerbitzuen bidez. Horretarako, Prebentziorako Bulegoak bere webgunean hauek eskaintzen ditu: kokalekuen mapa eta kanpainara batu diren establezimenduen zerrenda, eta TEEHak utzi ahal diren garbigune finko eta mugikorrak.

TEEHn bilketa eta tratamendua Nafarroan
Nafarroan TEEHen bilketa banatzaile eta establezimendu komertzialen bidez egiten da batez ere (% 40), mankomunitateen garbigune finko eta mugikorretan (% 24) eta Emauseko Trapuketarien eta mankomunitateen atez ateko sistemaren bidez (% 23). Gainerako % 13 eremu pribatuko hondakin-kudeatzaileek biltzen dute.
Tratamendua Trapuketarien berrerabilpen eta birziklatzerako prestaketa-zentroan egiten da gehienbat (% 87) eta % 36 birziklapenerako beste instalazio batzuetan, ASPACE Ecointegra fundazioaren Agoitzeko tratamendu-zentroan, adibidez.
Bildutako TEEHak sailkatu, egiaztatu eta konpondu ere egiten dira, ongi daudenak berriro erabili ahal izateko. Gainerakoak birziklatzera bidaltzen dira.
Kudeaketaren balantze orokorrak nabarmendu du bildutako TEEH guztien % 2 berrerabiltzeko prestatu zela, % 81 birziklatu zela eta % 4 beste balorizazio mota batzuetara bideratu zela; guztira % 87ko balorizazioa erdietsi zen.

Gaur egun, Nafarroan, eta Nafarroako Hondakin Planaren baitan, tresna horiek biltzeko eta kontrolatzeko esfortzu berezia egiten da; xedea 9,22 kilo biztanleko eta urteko lortzea da, hau da, 2019rako ezarritako bilketa-helburua. Horretarako, nabarmen zabaldu da garbiguneen sarea, eta, 2019an, 56 garbigune eta gune txiki finko daude (TEEHak han utz daitezke) eta garbigune mugikorrak pasatzen diren 160 leku. Halaber, mankomunitate guztietan atez ateko zerbitzua dago TEEHak biltzeko, eta 33 banatzailez osatutako sare bat dago; horiei entregatu ahal zaizkie balio ez duten tresnak berriak erostean.